H erriko sarrerako aparkalekuan hasiko gara. Bertatik Eguzkialdea baserri auzoko panoramika ederraz gozatzeko parada izanen dugu. Izu eta Unanua mendiak eta haien magalean dauden arboladiak eta larreak ikus ditzakegu.
Aparkalekua eta parkearen ondoan Iturriotza izeneko iturri-labaderoa dago. Garai batean izan zituen hiru erabilerak antzeman ditzakegu: aziendak edanaraztekoa, etxerako ura hartzekoa eta arropa garbitzekoa.
Karrikan gora eta plazara ailegatu baino lehen, ezkerrean, Xabatenea etxea dago, XVI. mendekoa, goiko solairuan harrizko lehio bikoitza duena; aitzinxeago, eskuinean Apezenea etxea ikusiko dugu, iparraldeko fatxada ikusgarriarekin. Orain dela gutxi arte beheko solairuan denda izan du eta garai batean txokolatea egiten zen.
Herriko Plazan, garai batean ere frontoia izandakoa, etxe dotoreen artean Herriko Etxea dugu, udalaren egoitza; bertan Arantzako harmarri zaharra ikus dezakegu. Iturriaren ondoan Lopenea etxea dago; 60. hamarkada arte okindegia zegoen eta gurina egiten zen.
Plazaren ondoan frontoia aurkituko dugu, 1992an berritua. Kirolgunea ez ezik, Arantzako herriko hainbat ekitaldi sozial eta kulturalen bilgunea izaten da.
Plaza utzi, Eliza karrikatik abiatu eta errota izandako Errontenea etxearen ondotik pasa eta gero, Andra Mariaren Eliza gure aitzinean izanen dugu. XVI. mendean eraikia, XVIII.ean handitua izan zen; bere kanpaindorre ikusgarria XIX. mendekoa omen da (1887).
Elizaren hegoaldeko karrika estutik berehala Madalenea etxea, harrizko larraina du. Eta parean Larrainea etxe-jauregia; orain dela urte gutxi birmoldatu dute, bere tankera neogotikoari eutsita; bertako leinua Arantzako jauntxo izan zen Erdi Aroan, eta garai batean etxerik dotoreena izan omen zen.
Karrika behera jarraituz Putxutxu izeneko alderdira ailegatzen da: izen bereko iturria dago eta egurrezko zubi txikia zeharkatuz Iturriberri izeneko iturri-labaderora iristen da. Garai batean herrira heldu ziren baserritarrek bertan aldatzen zituzten oinetakoak, abarkak edo espartzin zaharrak kenduz eta oinetako berriak jantziz.
Putxutxuko iturrira itzuli eta galtzadatik gorako bidean sartu. Bide estua segituz harrizko bi zubiren azpitik pasatu; garai bateko herri antolamenduaren bitxikeria, zubiak Etxeberri etxerako bidea egiten du. Goitik segituz, Falkunea eta Petrixenea etxeen artera iritsiko gara.
Eskuineko bidea hartuz Osinaldea etxea dugu. Fatxada tradizionala du, eta bazterreko “kortasuak” edo suhesiak –sutetik babesteko- nabarmentze dira; garai batean, segur aski, etxe gehienak horrelakoak ziren. Ondoan Osinako iturri-labaderoa dago, herriko handiena. Ezkerretik doaien karrika estutik Goiko karrikara aterako gara; bertan daude herriko denda eta ostatu gehienak. Bi aukera dugu: Herriko Plazatik abiapuntura itzuli; edo karrika segitu, eskolako patioaren ondotik, eta herrigunetik ateraz…
Iturriotzako belagiak, Arantzako herriaren ikuspegi orokorra: Ekaitza menditik Arrata errekaraino; Artikutza eta Lesakako mugak, Izu eta Unanua mendiak eta Eguzkialdea auzoa. Bide beretik itzuli eta bisita aparkalekuan bukatu.